XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egungo praktika ez doa ordea, itxura osoz, autore horiek proposaturiko bidetik: batasun ia osoa dago aitzitik gaur egun, beste hainbat gaitan baino askozaz handiagoa nolanahi ere, es+ kontsonante moduko hitz-hasieraren alde.

Pl. Mugica-k bere Diccionario Castellano Vascon (14) espektroskopi, eskema, estatika, estenografi, estereometri, estereoskopu, estereografi, estetika, estetoskopi moduko adibideen artean ez dira, halaz ere, ezpatu, eztearin, ezterlin... erako z-dunak falta, Uztaritzeko hitzarmenek, L. M. Mujika eta, gehienetan, X. Kintana-ren hiztegiek, orobat UZEIn onarturiko proposamenek, guzti horiek eta beste gehiagok ez dute, azken batez, praktika ia erabakar horren onarpen soila baizik isladatzen.

Beraz, labur bilduz, hots-lege horri kultur eta zibilizazio-hitzen kasuan bere indar osoan eusten zaiola esan daiteke oker handirik gabe, eta ondorioz eskala, eskema, espazial, espektrometro, estatistika eta estrukturalista moduan erabiltzen, inoiz proposaturiko skala, sk(h)ema, spatial, spektrometro, statistika eta strukturalista erakoak alboratuz.

Konponbide zailagoa eskaintzen dute ordea, gaur-gaurkoz, berrikitan gureganaturiko zenbait extranjerismo (gehienetan anglizismo) eta, oro har, irentsi gabeko maileguk: stop, sprint, standar, (boy-)scut, spin, ski, (brain) storming, snack bar, spaguetti, streaking, streap-tease, snob erabili behar den (oraingoz gainerako ortografi arazoak alde batera utziaz) alaestop, esprin(t), estandar(d), (boy-)escaut, espin, eski, (brain) estorming... etc. formetara pasa erabakizun dago, gure artean ere, neurri handi batez.

Kapitulu honetako IV. atalean helduko diogu honi bertagotik, irentsi gabeko maileguen arazoak aztertzerakoan.

Aurreko puntuan aipaturiko fenomenoa gogoratzea komeniko da, hemen ere, gaiz aldatu aurretik: goian emandako arau horiek hitz-hasieretarako direla soilik, eta ez beste inorako.

Beraz, alde batetik estatiko, esfera... etc. formak erabiliko dira, eta bestetik hidrostatiko, hemisferio... etc. modukoak.